Joan edukira Saltar a contenido

Eusko Jaurlaritza buru duen euskal ordezkaritzak Kolonbiara bidaiatuko du Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Programan parte hartzen duten pertsonen jarraipena egiteko

Argitalpen-data: 

  • Noemi Ostolaza Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak, Paul Ortega eLankidetza – Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak eta Eusko Legebiltzarreko eta askotariko Gobernuz Kanpoko Erakundeetako zenbait ordezkarik astebete emango dute herrialdean
  • Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak sustatzen du babes-programa hori, eLankidetza agentziaren laguntzarekin. Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak kudeatzen du programa

Kolonbiara abiatuko da bihar Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saila buru duen euskal ordezkaritza. Guztira 16 lagunek osatzen dute “Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Programa” osatzera Hego Amerikako herrialde horretara joango den taldea. Ordezkaritzak Programaren zenbait ediziotan parte hartu duten sei pertsona, guztira, bisitatuko ditu Kolonbian.

Aurten, Noemi Ostolaza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak eta Paul Ortega eLankidetza – Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak ordezkatuko dute Eusko Jaurlaritza. Izan ere, Ostolazak zuzentzen duen Zuzendaritzak sustatzen du Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Programa, eta horretan eLankidetza agentziaren laguntza du. Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak kudeatzen du programa.

Eusko Legebiltzarreko zenbait talde politikotako sei ordezkarik ere osatzen dute ordezkaritza. Hauek dira: Maitane Ipiñazar (EAJ-PNV), Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordeko burua; Miren Gallástegui (PSE-EE), Batzorde horretako idazkaria; eta Iñigo Iturrate (EAJ-PNV), Diana Urrea (EH Bildu), Carmelo Barrio (PP-Ciudadanos) eta Isabel González (Elkarrekin Podemos) Batzorde horretako kideak. Gainerako taldekideak teknikariak eta Zehar-Errefuxiatuekin, Alboan, Mugarik Gabe eta Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorako ordezkariak dira.

Jarraipena

Misioaren helburua da programak aurreko urteetan hartu zituen defendatzaileei laguntzea eta lurralde horien egungo egoera bertatik bertara egiaztatzea. Euskal ordezkaritza Santander de Quilichaora joango da bertako komunitateen errealitatea eta defendatzaileen eta tokiko erakundeen egoera pertsonala ezagutzeko asmoz. Ondoren, Medellinera eta Bogotara joango dira. Han, erakunde publikoekin eta nazioarteko erakundeekin elkartuko dira, egoera bertatik bertara ezagutze aldera eta programan hartutako pertsonen babes- eta laguntza-sarea indartze aldera.

Euskal espedizioak azken urteotan, Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Programaren barruan, Euskadiren laguntza jaso duten sei lagunen jarraipena egingo du. Bereziki, bi emakume bisitatuko dituzte, Euskadiko egonaldiak haiengan izandako inpaktua eta haien egungo egoera ezagutzeko.

Batetik, Euskadin 2022an izan zen eta Antiokiako Erakunde Indigenako (OIA) kide den emakumea. Senu indigena da eta Kolonbiako Caceres udalerriko Puerto Bélgica las Palmas “resguardokoa”. Indarkeriaren biktima gisa, bi desplazamendu behartu egin behar izan ditu: lehenengoa, 2012an, bere herrialdeko barne-gatazkaren ondorioz, eta bigarrena, 2019an, eskubideen defentsan egindako lanaren ondorioz. Bere semearekin batera parte hartu zuen Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Programan.

Bere “resguardo” indigenako “cacica” izan da 2017-2019 bitartean, eta beste kargu batzuk ere bete ditu, hala nola, tokiko Kabildoko idazkaria, Resguardoko Emakumeen Taldeko idazkaria eta Udalerriko Bake Kontseiluko kidea (2018-2021), 10 komunitate indigena ordezkatuz. Era berean, 2021ean emakumeen eskubideen gaikuntzan lan egin du.

Bestetik, joan den urtean Euskadira bidaiatu zuen bigarren emakume bat bisitatuko dute. Giza eskubideen eta eskubide etnikoen eta lurraldekoen beste defendatzaile bat da, eta Kolonbiako Cauca Iparraldeko Komunitate Kontseiluen Elkarteko (ACONC) kidea. Bere alabarekin batera parte hartu zuen programan.

Barranco Río Güengüeko Komunitate Kontseiluko presidenteordea da, ACONC elkarteko Emakume kontseilaria, eta Uraren, Bizitzaren eta Lurraldearen Defentsarako Batzordean parte hartzen du, baita Departamentuko Aholku Batzordean eta Udalerriko Biktimen Mahaian ere. Komunitate beltzentzako ekimen propioak ere zuzentzen ditu, eta, ekimen horiei esker, komunitateentzako benetako garapen eraginkorra lortu ahal izan da, Ongi Bizitzeko Plana betez.

Defendatzaileen babesa

Giza Eskubideen Defendatzaileak programa 2011. urtean sortu zen, haien jatorrizko herrialdeetan bizitza eta justizia soziala defendatzeagatik bizitza eta osotasun fisikoa arriskuan duten pertsonak babesteko helburuarekin. Ekimen horren babespean dagoen pertsonak sei hilabete ematen ditu Euskadin atseden hartzeko eta bere burua zaintzeko, indarkeria politikoaren inpaktuen aurrean maila fisikoan eta emozionalean indartze aldera.

Programak martxan jarraitzen duenez gero, 2024an Euskadik defendatzaileak hartzen jarraituko du. Zehazki, hiru pertsona artatuko dira Euskadin, bi emakume eta gizon bat. Emakumeetako bat El Salvadorkoa da eta bere semearekin etorriko da; beste bi pertsonak Kolonbiatik iritsiko dira.